martes, 6 de mayo de 2008

Pedagogia eskolak aztertzen....Summerhill eskola (Axier Huegun-en artikulua. Hik hasi .com)

HUEGUN, Axier. EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea
SUMMERHILL, SUTHERLAND NEILL, Alexander
Zenbakia
Data
1999(e)ko azaroa
Idazlea
HUEGUN, Axier. EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea
Saila
Teoriak
Pedagogia antiautoritarioaren korrontearen eredu garbiena dugu Neill. Summerhill-go eskola-barnetegia sortu zuen 1921. urtean Ingalaterran, 37 urte zituela. Duela 26 urte zendu bazen ere bere horretan jarraitzen du berak sortutako eskolak. Bertan Neillek hezkuntzari buruz zuen ikuspegi erradikalaren oinarri teorikoak praktikara eraman zituen. Ikus dezagun zein diren oinarri horiek eta nola saiatu zen praktikara eramaten.
Biografiaren hainbat ohar

Alexander Sutherland Neill 1883. urteko urriaren 17an jaio zen Eskoziako Forfar herrixkan. Herri horretan eman zituen bere bizitzaren lehenengo urteak. Bertan, berak kontatzen duen moduan, egunak astiro eta mantso pasatzen ziren, eta haurtzaro goibel eta atsekabetua igaro zuen. 14 urte zituela lanean hasi zen Edinburgoko bulegari baten laguntzaile bezala, bere familiaren ustetan eskolan jarraitzeko nahikoa gaitasun ez zuelako. Izan ere, oso interes gutxi jartzen zuen klaseetan. Bere aita eskola bateko irakaslea zen, eta horrek gerora asko markatu zuen Neill. Aitak ez zituen haurrak gustuko eta uneoro zigortzen zuen Neill. Honek guztiak eragin handia izan zuen berak garatutako pedagogia ereduan. Dena den, 25 urterekin berriro jarriko da harremanetan hezkuntza munduarekin, eta Edinburgoko Unibertsitatean Kimika eta Filosofia Naturala ikasten hasiko da. Urte baten buruan, eta bertan erabiltzen zen metodoa gustukoa ez zuenez, Ingelera eta Historia ikasten hasi zen. Ondoren, eta kazetaritza lanak egin eta gero, Eskoziako herrixka bateko eskolako zuzendari lanak betetzen hasi zen heziketa gaiei buruz idazten zuen bitartean. Horrela bere lehen liburua argitaratu zuen: A Dominie´s Log.

Hemendik aurrera Ingalaterran entzutetsu bihurtzen hasiko da, are gehiago 1921. urtean Summerhillgo eskola-barnetegia sortu eta gero. Eskola hau Leiston herrian kokatu zuen Londresetik 165 kilometrotara. 5 eta 15 urte bitarteko haurrak hartzen zituen. Neillek orduan 37 urte zituen. Dagoeneko bere liburu eta idatziek eduki zuten eragina zela-eta, hezkuntzaren teoriko erradikaltzat hartzen zuten. Hemendik aurrera Neill eta Summerhill batera joango dira eta bata bestea gabe ulertzea oso zaila izango da. Eskola honetan jarri zuen praktikan Neillek bere hezkuntzaren ikuspegia, eta oso ospetsua bilakatu zen Ingalaterran 1930eko hamarkadan. Hala eta guztiz ere, Summerhillek hezkuntza modernoan izan duen eragina beti egongo da desorekan bertatik pasatako haur kopuruarekin alderatzen badugu: eskolaren historia osoan zehar seiehun ikasle baino gehiago ez baitira bertatik pasa.

Neill 1973. urteko irailaren 22an zendu zen Alderburg herrian, Eskozian bertan, 89 urterekin. Hau dela-eta, bere emazteak hartu zuen eskolaren ardura eta 1985.etik aurrera bere alabak.



Bere hezkuntza ereduaren oinarriak

Neillek Summerhillgo eskolan praktikara eraman zituen bere hezkuntzaren ikuspegia eta oinarri teorikoak. Hauexek dira:



a) Bere bizitza-filosofian oinarritzen du hezkuntza.

Neillen aburuz "Bizitzaren helburua zoriontsua izatea da". Tesi hau izango da gainontzeko printzipioen abiapuntua. Haurra, berez, jaiotzen den unetik, ona, zintzoa eta zentzuduna da, eta era berean, bizitza interesgarri egiten zaio. Honela, bizitzaren oinarrizko elementuak eta baloreak ongizatea eta zoriontasuna izango dira.



b) Askatasuna eta autoerregulazioa.

Aurrean aipatutakoa lortzeko askatasunean eta autorregulazioan oinarritutako hezkuntza jarduera eramango du aurrera Neillek. Bere ekarpenik handiena arlo honetan kokatzen da, Summerhillgo eskolaren zutabe teorikoak bi kontzeptuok izango baitira. Izan ere, Neillen ustetan "Haurraren helburu existentziala bere bizitza propioa zuzentzea eta bideratzea da".

Neillek, halere, oso ongi bereiztuko du askatasunaren eta libertinajearen arteko muga: haurrak nahi duena egin dezake, baina bere ondokoa mindu gabe. Hau dela-eta haurrak aukeratu egingo du klaseetara joan edo ez. Summerhillen ohiko klaseak emango dira, baina haurrak hautatuko du joan ala jolasean gelditu. Jolasen hautaketak garrantzi handia edukiko du Summerhillen, hautatzeko askatasun horrek ahalbidetuko bait autoerregulazioa : Neillek sutsuki defendatzen zuen haurra nahikoa jolastu denean, eta soilik orduan, hasiko dela lanean eta gauzez eta arazoez arduratzen. Nahiz eta lan horiek zama suposatu, interes berezia eta propioa jarriko du horiek aurrera ateratzeko. Ideia honek pedagogia modernoan interes eta, era berean, eztabaida asko piztu du, eskolaren ohiko eta egungo kontzeptuarekin apurtzen baitu erabat. Dena den, Summerhillen haurra maiz klasetara joango da eta gustura, gainera. Gerora bertan ibilitako haurrek ez dute arazorik izan unibertsitate ikasketak egiteko nahiz gizartean integratzeko.

Halaber, tarteka Neillek jarrera autoritarioen alde ere egingo du, hala nola, haurren osasuna edo segurtasuna jokoan dagoenean. Aldi berean, autoerregulazioaren mugak zedarrituko ditu: autoerregulazioaren ulermen eremutik at egongo ginateke haurra bere buruaren ardura bere gain hartzeko gai ez den unetik; hots, bere eguneroko bizitzan ohikoak suertatzen zaizkion bitartekoen bidez erabaki bat hartu ezin duenean. Une horretan baino ez du hitz egiten Neillek "autoritatearen beharrari" buruz. Beste kasu guztietan obedientzia haurraren barne-barnetik etorri beharko litzateke; azken batean "haurrak ez luke ezer egin behar baldin eta horretaz erabat konbentziturik ez balego".

Hala ere, Summerhillen zigorrik egongo da, nahiz eta Neillen aburuz zigorra, ohiko esanahiaz janzten badugu, beti gorroto ekintza izan. Summerhillgo eskolan ezartzen diren zigorrak norbanakoaren edo komunitatearen aurka zerbait egin denean jartzen dira, baina beti berekin ideia morala daramate. Hau funtsezkoa da Summerhillgo antolaketa eta funtzionamendu arauetan bai eta Neillen teorian ere. Honek guztiak, ongiaren eta gaizkiaren, egokiaren eta desegokiaren, arteko bereizketa dakar, erreparazioaren kontzeptua barnera baitaiteke modu honetan: zigorra ez da ezarriko mina eragiteko erreparazio moralaren ideia ulertzeko eta bereganatzeko baizik.



c) Sentimendu indarren garapena

"Sentimendu libreak baimentzen badira, adimena berez azalduko da". Neillek askotan esango du berari interesatzen zaiona bihotza dela, eta ez burua. Haurrak beren sentimenduak lotura eta taburik gabe espresatu eta adierazi behar ditu eta horretarako bideak eta bitartekoak jarri behar zaizkio. Halere, honek ez du esan nahi Neill antiintelektualtzat hartu behar dugunik, adimenaren estimulua ere lantzen baita Summerhillen. Haurrek eskuragarri edukiko dute beti liburutegi bat eskolan bertan.



d) Sexualiatea ezinbesteko ardatza da Neillen hezkuntzaren ikuskeran.

Haurtzaroko joko heterosexualak bizitza sexual osasuntsu eta orekatu bat izateko bitarteko egokiena dira. Aitzitik, Neillek ez du egingo sexualiatearen superbaloraziorik, sexu heziketa arrotz eta erreprimitu baten aurkako protestan azalduko da.



Oinarri teorikoak gauzatzeko bitartekoak

Neill eta Summerhill ulertzeko, ezinbestekoa da ulertzea oinarri teorikoak eta praktika elkardependienteak direla; hots, oinarri teorikoek bitartekoa eta praktika bera determinatzen dute, eta aldi berean, bitartekoek teoria definitzeko -edo berdefinitzeko- eta hobeto ulertzeko balioa dute. Honela, arestian aipatutako oinarriak honako tresna honetan islatzen dira Autogobernua edo Haurren Asanbladak . Autogobernuaren ideia hau ardatz nagusia da Summerhillgo praktika ulertzeko garaian. Izan ere, haurrek Summerhillgo dinamika sozialarekin edo talde-bizitzarekin erlazioa duen oro astean behin egiten diren asanbladetan eztabaidatzen baitute. Neillentzat, asanblada haue komunitate bizitzaren erregulatzaile funtzioa dute : talde-bizitzak testu liburuek baino garrantzia gehiago du haurraren garapenean. Honela, Summerhillgo funtzionamendua arautzen eta erregulatzen duten legeak asanblada horietan elaboratzen dira. Haur guztiek hartzen dute parte (5-15 urtekoek) eskolako langileekin batera. Haur eta langile orok boto eskubidea du eta balio berdina dute, hau da, Neillen botoak eta sei urteko haur batenak balio berbera dute. Asteroko asanblada hau Summerhillgo parlamentua ere deitua izan da. Bertan eguneroko bizitzaz eztabaidatzeaz gain, erabakiak eta neurriak hartzen dira komunitate osoak errespeta eta bete ditzan: isiltasun osorako ordua ezartzen da, norberarena ez den bizikleta hartu duenaren aurkako neurriak hartzen dira, isiltasuna derrigorrezkoa den uneetan -asanbladan horrela erabakitzen bada- zarata egiten dutenen aurkako neurriak hartzen dira eta abar.

Modu honetan haurrak demokraziaren eta justiziaren izpirituz blaitzen dira: taldean erabaki eta gero ezartzen dira zigorrak, arau-haustearekin lotura zuzena edukiko dute eta ideia morala edukiko dute bere baitan. Honela, legeak berdefinitu eta berriak sortuko dira: lehen egin zitekeena orain debekatuta egon daiteke, eta alderantziz ere bai. Honek guztiak ez du burokraziaren mekanismoen beharrik, asanbladan erabakitakoak une horretatik bertatik balioa baitu, eta astero presidente edo gidari eta idazkari ezberdina edukiko du asanbladak.

Neill erabat konbentziturik azaltzen da autogobernu honek ahalbidetzen dituela bere oinarri teorikoak gauzatzeko aukera, eta heziketa praktikaren eredu eraginkorrena dela eskola bat aurrera eramateko.



Neillen ideien hedapena, eta gaur egun gurean duten eragina

Neillek Summerhillgo eskola-barnetegian aurrera eramandako esperientzia azkar asko zabaldu zen Ingalaterra osoan, aldeko ahotsak azalduz eta aurkakoak ere bai. Halere, ideiok eztabaida pedagogikoan eduki dute eragina esperientzia praktikoan baino. EEBBetan zenbait esperientzia jarri ziren martxan korronte honen ikuspegia jarraituz, eta Europan, Alemania izan da jarraitzaile gehien eduki duen lekua, Alemanian bertan sortutako beste ikuspegi antiautoritarioen laguntzarekin: Lehen Hezkuntzako Frankfurteko eskola, Stuttgarteko kinderlandena... Gainontzeko tokietan eragin gutxi eduki du heziketa ulertzeko modu honek, nahiz eta Euskal Herrian bertan zenbait esperientzia pilotu egin izan diren. Donostian esaterako, zenbait gurasok bultzatuta 1975-76. urte bitartean Summerhillen teorietan oinarritutako esperientzia bat burutu zen, baina sei hilabete baino ez zuen iraun. Porrot egin zuen ohiko eskolaren ereduetatik aldentzen zelako, eta ez guraso, irakasle eta ikasleengatik. Zenbaiten aburuz, Neillen eredu hau EEBBetan gero eta hedatuagoa dagoen homeschooling korrontearen aitzindari da, eta Euskal Herrian era honetako zenbait adibide aurrera eramaten ari dira, hau da, deseskolarizazioa edo haurra eskolara ez eramatea. Azken batean, Neill irakurrita eta Summerhillgo esperientzia ezagututa ezinezkoa da heziketari buruzko eztabaida edota hausnarketarik ez piztea.

INGURUMENA ETA JASANGARRITASUNA

Biziraupen kontua

Ezin dugu pentsatu burbuila batean bizi garela; izan ere, etengabeko harremana dugu gure ondoko ingurune naturalarekin eta ingurune horrek eskaintzen dizkigun baliabide guztiak erabiltzen ditugu. Ingurune horren kalitatearen menpe dago gure bizitzaren kalitatea.

Gizakiak ingurunean egiten duen presioa pixkanaka-pixkanaka handitzen joan da mendeetan zehar. Baina azken hirurogei urteetan izugarri areagotu da eta ingurumenak aldi horretan jasan duen eragina gizakiak aurreko garai guztietan eragin duena baino askoz handiagoa izan da.

Kezkagarriena da erasoen erritmoa ez dela moteldu, bizkortu baizik. Ingurumena kontserbatzea biziraupen kontua da gizateriarentzat. Milioika lagun erabat hondatutako ingurumenean bizi dira eta euren bizi itxaropena arrisku larrian dago.

Ditugun aztarnen arabera, klima gure bizimoduaren ondorioz aldatzen ari da; horrek ingurumenaren aldaketa larria dakar, eta ondorengo belaunaldien bizitza baldintzatuko du.

Bateragarria al da garapen ekonomikoa gure ingurumena zaindu eta kontserbatzearekin? Erantzuna baiezkoa bakarrik izan daiteke; bestela, planetaren bizitzari iraungitze data jarri beharko genioke. Irtenbidea garapen jasangarria da, bizitzeko modu garbiagoak bilatuz.

Arnastu ezinezko eguratsa

Munduko eztanda demografikoak eta industriaren aurrerakadak eguratsean pilatzen diren gai kutsatzaileak gehitzea eragin dute. Gehitze horrekin batera, heriotza tasa eta gaixotze tasa ere ikaragarri handitu dira eta froga garbiak daude atmosferaren kutsadurak gizakion osasunari kalte egiten diola adierazteko.

Herrialde industrializatu gehienek, onar daitezkeen kontzentrazio balio maximoak ezarri dituzte atmosferaren kutsatzaile nagusientzat. Horretarako, kutsadurak izan ditzakeen eraginei buruzko azterketa teoriko eta praktikoetan oinarritu dira.

Atmosferako kutsadurak eta gizon-emakumeengan bronkitis kronikoa agertzeak elkarrekin zerikusia dutela baieztatu da. Bestalde, SO2-ren eta airean dauden partikula kutsatzaileen kontzentrazioek aire metro kubiko bakoitzeko 500 mikrogramo gainditzen dutenean, biztanleriaren heriotza tasa handitu egiten dela ere frogatu da, batez ere bihotz eta biriketako gaixotasunak dituztenen artean.

Lurra

Geure oinpean daukagu eta ez diogu ia garrantzirik ematen. Hildako elementutzat ere jotzen dugu askotan, toxikoa den edozein produktu solido edo likido bota edo pilatzeko erabil dezakegun leku mortu bat balitz bezala. Baina guri eusten digun lurzoru horren gainean egiten den edozein ekintzak ondorio jakinak izango ditu gure bizitzan.

Hitz zientifikoak erabiliz esan dezakegu lurzorua litosfera edo lurrazaleko goiko zatia dela. Mineral eta antzeko osagai organikoek, ez-organikoek eta milaka izaki bizidunek osatzen dute lurzorua. Bertan gauzatzen dira gure biziraupenerako funtsezkoak diren prozesu gehienak.

Lurzorua hazi, heldu, zahartu eta zoritxarrez, hil egiten da. Nahita edo nahi gabe lurzoruan papera, beira, plastikoak, gorozkiak, disolbatzaileak, petrolioa, pestizidak edo gai erradiaktiboak botatzen ditugunean, haien ezaugarri fisiko, kimiko eta estetikoak aldatzen ari gara zuzenean eta era askotako ondorioak eragiten ari gara beste izaki biziengan.

Nekazaritzako baliabideak oker erabiltzeak, etengabeko erreketek, ongarrietan pestizida eta herbizidak erabiltzeak, gai toxikoak botatzeak eta ureztatze okerragatik lurzorua gazitzeak beste mota bateko degradazio kimikoa eragiten dute.

Beste degradazio mota bat fisikoa da. Lurzoruaren egitura aldatu egiten da tresneria astuna erabiltzeagatik, deforestazioagatik, suteengatik eta lurzorua bera haizearen eta uraren eraginpean egoteagatik.

Beste degradazio mota bat biologikoa da. Degradazio biologikoa monolaborantzen erabileragatik sortzen da; izan ere, monolaborantzen eraginez, osagai organikoak ez dira behar bezala suspertzen eta lurzoruak suspertzea errazten duten mikroorganismoak desagertu egiten dira.

Aniztasun biologikoaren gainbehera

Azken urteotan gehien zabaldu den terminoetako bat biodibertsitate edo aniztasun biologikoa da, hau da, edozein jatorri duten izaki bizien aniztasuna. Baina izaki bizien espezie anitzen existentzia aipatze hutsa baino haratago doa termino hori.

Biodibertsitateak lehorreko eta uretako ekosistemen aniztasuna ere ukitzen du, bai ekosistema naturalak eta bai gizakiak sortutakoak, esate baterako, nekazaritzako ekosistemak. Eremu zabala hartzen duen terminoa da eta beraz, horren barruan hainbat arlo sartzen dira: ikus daitezkeenak, hala nola baliabide biologikoak, edo ikusezinak esate baterako, ezagutzak edo berrikuntzak.

Aniztasun biologikoa eremu jakin batean bizi den espezie kopuruarekin adierazten da normalean. Lurreko biodibertsitatearen %75a hamazazpi herrialdetan pilatuta dago. Herrialde horiek dibertsitate handikotzat jotzen dira.

Brasil, Kolonbia, Txina, Costa Rica, Ekuador, India, Indonesia, Kenya, Mexiko, Peru, Hegoafrika eta Venezuela dira aniztasun ikaragarria duten herrialde horietako batzuk. Horietako askorentzat garapenerako faktore estrategikoa da egoera hori. Europan, bestalde, biodibertsitatea krisian dago.

Espezie guztiak bioadierazleak dira eta haien beherakadak esan nahi du haien bizilekuak ere hondatzen ari direla. Atzerakada horren arrazoia oker planifikatutako garapena da. Ingurune ahuletan (adibidez, paduran edo kostaldean) azpiegiturak eraikitzea oso ohiko jarduera izan da azken hamarraldietan eta oso eragin txarra izan du ingurumenean. Baso helduak bota eta hazkunde bizkorreko espezieekin ordezkatzeak, monolaborantzak ugaltzeak eta nekazaritza eta abeltzaintzako metodo tradizionalak baztertzeak ere asko pobretzen dute ingurune naturala.

Galtzeko arriskuan

Naturaren Munduko Fondoak kezka handiz ohartarazi du Europako hamar animalia eta landare espezie galtzeko arriskuan daudela. Animalia eta landare espezie horiek bukardoaren bide bera daramate. Bukardoa mendiko ahuntz subespeziea da. 2000ko urtarrilaren 6an hil zen azkenekoa Pirinioetako bere azken babeslekuan, Ordesan hain zuzen ere. Hamar espezie horiek Europako habitat gehienetako espezie esanguratsuak dira eta penintsulako floran eta faunan aurki daitezke.

Gizakiaren presioa

Gizakiaren presentzia arazo larria bihurtu da ingurumenarentzat, etengabe gauzatzen dituen jarduera kaltegarriez aparte. Arazoa Lurrean bizi garen biztanle kopuruagatik sortu da: 6.000 milioi pertsona gara.

Baina gizakiak ingurunean egiten duen presioa ez da homogeneoa. Landa inguruneak jasan dezake oraindik presio hori; izan ere, landako biztanle gehienak bere ingurunearekin harmonian bizi dira. Arriskua hiriko aglomerazioetan dago, inguruneari erasotzen diotelako eta kutsatzeko gero eta ahalmen handiagoa dutelako.

1950. urteaz geroztik hirietako populazioa hirukoiztu egin da; orduan 750 milioi lagun inguru bizi ziren hirietan; gaur egun, berriz, 3.000 milioi dira. Aurreikuspenen arabera, mundu garatuko hirietako populazioa bikoiztu egingo da: 2000an 1.900 milioi izatetik 2030ean 4.000 milioi izatera pasako da

Kontsumo desegokiaren ondorio ekologikoak

Gure eguneroko bizitzan etengabe kontsumitzen dugu energia, baita hondakinak sortu ere. Argia piztu, kanila ireki, berogailua martxan jarri edo jogurt bat jatea egunero egiten ditugun ekintzak dira, eta ondorio itzelak dituzte ingurumenean. Eguneroko ekintza horiek behin eta berriz ardurarik gabe edo oharkabean egiten baditugu, ingurumenaren gaineko eragina nabarmen areagotuko da.

Ez da erraza gure ingurunea zaintzen ohitzea, gure bizitza errazagoa egiten duten gauza gehienek ingurumenari kalte egiten baitiote. Gauzak erabili eta botatzeko sistema oso erosoa iruditzen zaigu, baina horren ondorioz zaborra izugarri ugaritu da gure mundu zibilizatuan. Etxeko lanak errazten dizkiguten etxetresna elektrikoek -lata-irekitzeko tresna elektriko arrunt bat besterik ez bada ere-energia asko kontsumitzen dute; garai jakin batzuetan, bero egin nahiz hotz egin, berogailuak sistematikoki pizteak alferreko erregai kontsumoa dakar (gas, fuel-olio eta ikatza).

Joan-etorri guztietarako automobila erabiltzea berotegi-efektuaren eragile nagusietakoa da; era guztietako produktu ontziratuen kontsumoan oinarritutako aisialdiko jarduerak egiteko gehigarri, koloratzaile, kontserbatzaile edo plastiko ugari erabiltzen ditugu. Gero material horiek nonahi botata ikus daitezke gure inguruko lurraldean, uretan edo airean, eta hondakinak deuseztatzea ia ezinezkoa da.

Oso garrantzitsua da gure ekintzen ondorioak ezagutzea: ezjakintasunak ere kutsatu egiten du. Gutako gehienek ez dakigu irekitako kanila batek 15 litro gastatzen dituela minutuko; gure automobilak kontsumitzen dituen bost litro bakoitzeko, bederatzi kilo karbono dioxido sortzen direla; ontzikiak gure etxean sortzen den zaborraren %30 dira; paper tona bat egiteko baso bateko 5,3 hektarea moztu behar dira; edo kontsumo txikiko bonbilla batek arrunt batek baino zortzi aldiz gehiago irauten du. Eguneroko ekintza bakoitzak bere eragina du izadian. Ez dugu hori inoiz ahaztu behar.

Zer dago zakarrontzian?

Gure zakarrontzia ez da arriskurik gabeko elementu bat. Zakarrontzian dagoenak eragin itzela izan dezake ingurumenean, eta batzuetan, benetako bonba bat izan daiteke ingurumenerako. Hondakin organikoak nahiko erraz degradatu daitezke, baina kontrolatzen ez badira eragozpenak sor ditzakete, baita herritarren osasunerako arriskuak sortu ere. Baina zakarrontzian badira ingurumenerako arriskutsuak diren beste elementu batzuk ere.

Plastikoak

Zabor poltsa baten edukiaren %15 inguru plastikoak dira, behin bakarrik erabili eta botatzen diren ontziak eta bilgarriak batez ere. Zabortegian urte asko egin beharko dituzte erabat desagertzeko, eta errausten badira CO2 eta toxinak sortzen dituzte.

Brikak

Brikak egiteko, aluminioa, zelulosa eta plastikoa behar dira, lehengai berriztaezinetatik datozen materialak hain zuzen. Elementu horiek bereiztea zaila da, eta horregatik horien birziklapena mugatua da oraindik.

Latak

Zabor poltsa arrunt baten batez besteko edukiaren %5 dira gutxi gorabehera, baina hondakin metaliko guztiak gehitzen baditugu, portzentaia hori %12ra igotzen da. Oso erraz birziklatu eta berriz erabili daitezke beste lata batzuk egiteko.

Beira

Ia guztiz birziklagarria den materiala da. Geldoa da eta ez du ingurunean kalte materialik egiten; hala ere, itzultzekoak ez diren ontziak gehiegi erabiltzeak izugarri ugaritu du hondakin mota hori. Horregatik, hondakin hau ez da beti birziklapen sareetara iristen.

Pilak

Hondakin arriskutsuenetako bat da, merkurioa eta beste metal astun kutsatzaile asko dituelako. Botoi pila ñimiñoak tutu formakoak edo petaka-pilak baino askoz ere arriskutsuagoak dira. Bakar batek milioi erdi bat litro ur kutsa dezake.

Papera eta kartoia

Edozein zabor poltsaren %20 dira eta horien kontsumoa etengabe handitzen ari da gure gizartean. Beren lehengaia zelulosa sarrera=zelulosa da, eta hori zuhaitzetatik ateratzen da gehienbat. Oso erraz birzikla daiteke, baina berriz erabili ahal izateko jatorrizko zelulosa gehiago behar da beti. Horregatik, birziklapenak ez du neurriz gaineko baso-mozketaren arazoa guztiz konpontzen.

Gutxiago gastatu, hobeto kontsumitu

Normalean, gastua murrizteko ardura handiz kontsumitu behar da; horrek, zalantzarik gabe, eragin onuragarria izango du gure ingurunean. Gakoa eguneroko ekintzei ahalik eta etekinik handiena ateratzean datza, erosterakoan, edota ura, elektrizitatea, gasa edo telefonoa kontsumitzerakoan. Ez dago hutsezinezko formularik, baina bai guztion artean martxan jar ditzakegun oinarrizko ideia batzuk.

Gas eta elektrizitate kontsumoa

Gomendagarria da gure beharretara hobekien moldatzen den potentzia eta tarifa kontratatzea, baita korporazioek eskaintzen dizkiguten aurrezteko aukera guztiak aztertzea ere. Horretarako, beharrezkoa dugu etxetresna elektrikoen kontsumoa ezagutzea: telebista edo musika ekipo batek ez du gehiegi gastatzen, baina ontzi garbigailu bat, mikrouhin-labe bat edo ile lehorgailu bat wattak irensten dituzten makinak dira. Bestalde, kontsumo txikiko bonbillek abantaila handia dute bonbilla arrunten aldean.

Ur kontsumoa

Ur kontsumoan aurrezteko zenbait gauza ezagutu beharra dago: garbigailu arruntak eta ontzi garbigailuak ez dira erabili behar ondo beteta ez badaude; erabat irekita dagoen kanila batek 15 litro gastatzen ditu minutuko; kanila bat tantaka ari baldin bada, 60 litro kontsumitu daitezke eguneko; dutxatzerakoan, bainatzerakoan kontsumitzen dugun uraren laurdena erabiltzen dugu.

Erosketak

Hona hemen erosketak egiterakoan izan behar ditugun ohitura ekologiko batzuk: ontzi handiak erabili, etiketetan osagai kaltegarririk ez dagoela ziurtatu, plastikorik ez kontsumitu, benetan behar duguna hartu eta ez erosi eroste hutsagatik.

Etxean energia aurreztuz

Etxe barruan berotasuna galdu nahi ez badugu, isolatu egin dezakegu; horrela berokuntzan %40 aurreztuko dugu. Etxeko tenperatura egokiena 20ºC-koa da. Tenperatura hori gainditzen duen gradu bakoitzak %5 gehitzen dio energi kontsumoari.

Garrantzitsua da erregulatzen ikastea: 40ºC-tan urak ia-ia erre egiten du, eta ez du zentzurik izozkailuak zero azpitik 5ºC baino gutxiagoko tenperatura izateak; horiek horrela, tenperatura horietara iristeko kontsumitzen dugun energia gehiegikeria hutsa da.

Beti kontuan hartzen ez ditugun errealitateak

Batzuetan, informazio faltagatik, energia gehiegi kontsumitu eta ingurumenari kalte egiten diogu. Bizitza ekologikoaren kate berdea mantentzea ahazten zaigu; horregatik, gomendagarria da hurrengo faktoreak gogora ekartzea:

  • Pilek sortzen duten energia sarearena baino 600 aldiz garestiagoa da.

  • Itzalitako telebista batek bere batez besteko energi kontsumoaren %33 gastatzen du horren entxufea ateratzen ez badugu.

  • Langargailuek, aerosolek ez bezala, ez dute ozono geruzari kalte egiten dion gasik.

  • Harraskatik behera litro bat olio botatzen dugun bakoitzean ur araztegi bati %20 lan gehiago eginarazten diogu.

  • Xaboia garbigarri ezin hobea da eta beste produktuak ordezkatu ditzake, azken horiek sarritan osagai kaltegarriz beteta daudelako.

  • Komun batek hamar litro deskargatzen ditu erabiltzen den bakoitzean.

  • Aluminiozko kazola batek burdin edo altzairu herdoilgaitzezko batek baino gas gehiago kontsumitzen du tenperatura berdina lortzeko.

  • Lapiko estaliak tapa gabekoak baino lehenago berotzen dira.

  • Edalontzi eta bonbilletako kristala ezin daiteke beirazko ontziekin batera birziklatu.

Plastikoak

Plastikoa baliabide natural berriztaezin batekin eginda dago, lurreko baliotsuenetako batekin hain zuzen ere: petrolioa. Petrolioak fintze prozesu bat behar izaten du plastikoak eta erregaiak lortzeko. Baina prozesu horren ondoren erregaien antzeko konposizioa duten plastikoen berotze-gaitasuna oso handia da. Eta horregatik, horien hondakinak kalitate handiko erregai bihurtu daitezke, atmosferan substantzia arriskutsuak (dioxinak, adibidez) bota eta ingurumenean arrisku larriak sortzen dituztenak. Hori dela eta, plastikoak ahalik eta gehien birziklatu beharko lirateke.

Produktu ekologikoak

Edozein herritar, ingurumena errespetatu beharraz jabetu bezain laster, ingurunea errespetatzen duten produktu ekologikoak kontsumitzen saiatuko da. Alde horretatik, ingurumen eta kontsumoarekin zerikusia duten gauza guztietan bezala, informazioa funtsezkoa da.

Biztanle kontzientziatua berehala ohartuko da produktu askotan "bio" hitza agertzen dela. Baina hitz hori erabiltzen duten produktuekin erne ibili behar dugu. Horietako gehienek ez digute eskaintzen izadia errespetatzen duen ekoizpen bermerik, aurrizki hori erabiltzeak aipatutako esanahia adierazten badu ere.

Honen arrazoi nagusia marketinga da, edozein produkturen irudia garbitzeko estrategia bat, produktua kontsumorako erakargarria izan dadin. Nahasketarik ez egoteko, kontsumoko agintaritzak bio aurrizkia merkataritza helburuekin bakarrik erabiltzen duten guztiak testu bat jartzera derrigortzen ditu, produktua nekazaritza biologikotik ez datorrela azalduz.

Nekazaritza biologikoa

Nekazaritza biologikoa era naturalean egindako produktuak lortzeko helburua duen jarduera bat da. Produktu horiek ez datoz aldaketa genetikoetatik eta ez dute inolako ongarri edo pestizida kimiko edo artifizialik. Produktu hauek ohikoak baino pixka bat garestiagoak dira, baina zalantzarik gabe abantailak dituzte kalitate eta zaporean, eta gainera ez dute inolako presiorik sortzen ingurunean.

Nekazaritza biologiko edo ekologikoa oso erregulatuta dago jadanik, eta horren produktuak behar bezala etiketaturik saltzen dira, sarritan denda espezializatuetan. Gu gai mota honen ekoizle garrantzitsuak gara, baina kontsumitzaile gisa ahulak gara oraindik, eta daukagun produkzio gehiena Ingalaterrara esportatzen dugu. Nolanahi ere, merkatu honen urteroko hazkunde erritmoa %20koa da.

Aisialdi ekologikoa

Gure ingurune naturalarekin adeitasunezko harremana izateko modu erraz eta pozgarrienetako bat inguruneaz gozatzea da. Aisialdi ekologikoaren kultura orain dela denbora asko sortu zen, izadiaz zuzenki gozatzeko asmoz. Izadian zer gertatzen den ikustea eta ikastea da kultura horren helburua.

Lehenago izadia kirolerako agertoki moduan erabiltzen bazen (batez ere mendizale eta ibiltarientzat), orain berezko agertoki bihurtu da. Horren guztiaren ondorioa izadia zaintzeko beharraz erabat kontzientziatzea izan da, izadiaz ahalik eta gehien gozatzeko.

Mendira irten, gertu dugun habitataren landaretza eta fauna ezagutu, edo lurrari lotutako ohiko landa jardueretan eta bertako ekoizpen moduetan interesa izan. Horiek guztiak ingurumenarekiko errespetu sakon bat eskatzen duten jarduera aisiazkoak dira. Horrelako jarduerak atsegin dituztenek ez dute sua nolanahi egingo, ezta zaborra botako ere. Animaliak eta landareak errespetatzen dituzte, eta euren ingurunean edozein eraso mota geldiarazten dute.

Aisialdi ekologikoa praktikatzeko beste modu bat turismo ekologiko deitzen duguna da. Honen definizioa oso zabala da eta alderdi asko hartzen ditu bere barruan. Batzuek masifikaziotik urrun dauden lekuak bisitatzeko aukerak eskaintzen dituzte bakarrik, eta beste batzuek ingurune naturalean murgiltzea proposatzen digute. Baina horrek ez du esan nahi edozein gauza turismo ekologikoa izan daitekeenik. Kontu handiz ibili beharra dago, turismoak jarrera parte-hartzailea eskatzen baitio egiten duen pertsonari, eta horretarako aurretik informatu eta prestatu behar gara.

Azken urteetan, ingurunearen kontra gero eta eraso gehiago egiten direnez, turismo ekologiko honen aldaera bat sortu da: aktibismo ekologikoa. Honen helburua da ingurumenean eragin larria izan dezaketen arazoei irtenbidea ematea, esate baterako, baso bat txukuntzea. Batez ere borondatezko langileak aritu ohi dira horrelako lanetan, eta askotan jolas-ekintza moduan antolatzen dituzte. Egia esan, ingurumenaren alde benetan baliagarria den zerbait egiteko modurik atsegingarrienetako bat izan daiteke hori.

Ekoturismoa

Ekoturismoa aisiarako alternatiba egingarri bat da, negozio txiki eta ertainen sorrera bultzatu eta babesten duena. Negozio hauek landa ingurunekoak nahiz hirikoak izan daitezke.

Ekoturismoa inbertsio txiki batekin jar daiteke martxan. Horregatik, lorgarriagoa da eta arrisku gutxiago dakartza, gainera gizartearen garapena sustatzen du, zuzentasun eta berdintasun handiagok giro batean.

Ekoturismoaren eta ekoizpenaren arteko lotura hertsia da, tokian tokiko berezitasunei esker ekoiztutako produktu berrien eta ohiko ondasunen eskaintza areagotu egiten baitu.

Izadiarekin eta landa inguruneko biztanleriarekin harremanak bilatzeko asmoz bidaiatzen duen pertsona kopurua gero eta handiagoa da, eta horren hazkundea masa turismoak duena baino askoz azkarragoa da. Hori dela eta, ekoturismoaren garapenak bultzada nabarmen bat ematen dio orokorrean jarduera turistiko osoari.

BIZIKLATZEN IKAS DEZAGUN

Hiru erreen araua

Arau erraz horrek ingurunea zaintzeko aukera ematen du. Baina garrantzitsua da ondorengo ordenan egitea: murriztu, berrerabili eta birziklatu.

Murriztu

Bilgarri gutxien dituzten produktuak aukeratu behar dira eta, batez ere, birzikla daitezkeen materialak erabiltzen dituztenak. Erosketa poltsei dagokienez, plastiko poltsak gutxiago erabili behar dira.

Energia kontsumoa ere oso garrantzitsua da, horregatik, telebista ikusten ari ez garenean itzali egin behar da, baita argiak ere, behar ez baditugu. Aholku ona da kontsumo gutxiko bonbillak erabiltzea, etxean zein lanean.

Azkenik, produktu toxikoen eta kutsatzaileen kontsumoa gutxitu behar dela aipa genezake, pilak esate baterako.

Berrerabili

Ahalik eta gauza gehiago berrerabiliz gero, zabor gutxiago sortuko dugu, baita baliabide gutxiago agortu ere.

Birziklatu

Zenbait produktutatik beren osagaiak eskuratzea, horiek antzeko produktuen fabrikazioan berriro erabiltzeko.

Papera eta kartoia, beira eta janari hondarrak arazorik gabe birzikla daitezke. Horretarako, hondakin mota bakoitza kontainer desberdinetan bota behar da, herri eta hirietan horretarako dauden lekuetan.


MUSEOAK ETA ESKOLAK

MUSEOAK ETA ESKOLAK


  1. ARTIUM MUSEOA

    1. SARRERA

ARTIUMeko eskola egitarauak Haur Hezkuntza, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako maila desberdinetako ikasleentzat eginak dira. Testuinguru partehartzaile eta dinamikoan, behaketaren eta elkarrizketaren bitartez, arte garaikidearen ezagutza multidisziplinarioa eskaini nahi zaie partaide guztiei.

Prestakuntza saioei, bisitaldi gidatuei edota bisitaldi/lantegiei esker, museoa eta arte garaikidea beste tresna baten modura erabil daitezke eskolako curriculumean. Egitarau hauen helburua, talde bakoitzaren mailara eta premietara egokituak, ikasleek beren ikusmenezko inguruneari begiratzen, hura deskodetzen eta kritikoki pentsatzen ikastea da.

    1. PROGRAMA MOTAK

      1. Zure neurrira programa.

Programa honek arte garaikidera hurbiltzea proposatzen du. Arte garaikidea tresna metodologiko gisa erabiliko da eskola-curriculumean, eta horrek aukera emango die bai ikasleei eta bai irakasleei gaia eskolan ikusten ez duten ikuspuntutik ikusteko. Museoko hezitzailearen eta irakaslearen arteko lankidetza funtsezkoa da, programa abiatzeko eta garatzeko orduan biek finkatutako helburuak lortzeko.

Programa, lau ataletan banatua agertzen da:

  • Plangintza egiteko bilera: Museoko hezitzaileak ordubeteko bilera antolatzen du ikastetxean edo museoan bertan Zure neurrira programan parte hartzeko interesa duten irakasle guztiekin. Argibideak eta antolaketa eginen da irakasle-hezitzaileen artean, programa ikastetxe bakoitzari egokituz eta bere arabera moldatzeko antolatzeko.

  • Bisita aurrekoa: Ikastetxean egiten da. Programari, museoari eta jorratuko den gaiari buruzko sarrera da. Ordubeteko iraupena du.

  • Artium-era bisita :. Saio honetako lehen partean ibilaldi bat egingo da museoko aretoetan zehar, aukeraturiko gaiarekin zerikusia duen eta ikastetxean aldez aurretik prestatu den obra sorta bat ikusiz. Bigarren partea lantegian egingo da, eta gaia beste ikuspuntu batetik sakontzen lagunduko duen jarduera bat egitean datza: ikuspuntu plastikoa, literarioa, eta abar.

  • Bisita ondokoa: Ordubeteko iraupena duen saio hau gauzatzeko, hezitzailea ikastetxera joanen da. Programari buruzko alderdi esanguratsuenak eztabaidatuko dituzte. Halaber, programan zehar egin den lanari buruz hitz egingo dute hezitzaileek eta ikasleek, bai banako lanari buruz eta bai talde-lanari buruz, eta gero gainerako gelakideei azalduko diete.

      1. Loturak programa.

D.B.H, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako programa daukagu honakoa. Guri hezkuntza sistemaren ziklo hauek ez dagokigunez, ez ditu aztertu.

      1. Bisitaldi gidatuak programa.

Elkarrizketa zuzenaren bitartez, eta taldearen parte hartzea sustatuz, museoko hezitzaileak ARTIUMeko aurkezpen orokorra nahiz gaikakoa egingo du, Hezkuntza Sailaren eta ikastetxearen artean aldez aurretik hitzartu denaren arabera.

ARTIUMen Ikasleentzako programa hauek doakoak dira.

      1. Irakasleentzako prestakuntza saioak museoan programa.

Irakasleentzako ordu eta erdiko prestakuntza saioak, maila guztietako hezitzaileentzat dira, eta aldi baterako erakusketen ingurukoak izan ohi dira. Irakasleek museoa, erakusketak eta artea, oro har, ikasgelan era guztietako gaiak lantzeko erabili ahal izan ditzaten da helburua.

Saio horietan, bisitaldi gidatu bat egingo da aurrena, eta ondoren solasaldi bat, zeinean erakusketako kontzeptu nagusiei buruzko oinarrizko tresnak eskainiko baitira. Era horretan, irakasleek ideia hauek beren eskola curriculumean txertatu ahal izango dituzte.

Saio hauen egitaraua bere garaian adieraziko zaie, postaz, ikastetxeei.



  1. GUGGEHEIM MUSEOA

    1. SARRERA

Guggeheim museoak, Hezkuntza sistemaren ziklo ezberdinei zuzendutako eskaintzak aurkezte ditu.

    1. PROGRAMAK

      1. Hezkuntza sistemaren ziklo ezberdinei zuzenduak.

Museoak, Hezkuntza Sistemaren ziklo ezberdinei zuzendutako programak eskaintzen ditu:

        1. Haur Hezkuntza: Bisita-tailerrak Haur Hezkuntza. 3 eta 5 urte bitarteko ikasleek garatzen dituzte. Museoko monitorearekin batera aztertzen dituzte ikusgai dauden obrak, ipuinak irakurriz, jolas eginez eta jarduera artistikoen bitartez.

        2. Gidaridun bisitak Bigarren Hezkuntzan: Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat antolatutako gidaridun bisitaldiak dira, Museoaren Bilduma Iraunkorrari edo aldi baterako erakusketei buruzkoak. Bisitaldi hauek Goi-mailako Heziketa Zikloetako, Unibertsitate Hezkuntzako Lehenengo Zikloetako eta Helduen Hezkuntza Zentroetako ikasleentzat ere zuzenduta daude.

        3. Bisita-tailerrak eta gidaridun bisitaldiak Lehen Hezkuntza
          Lehen Hezkuntzako ikasleentzat gaika antolatutako bisita-tailerrak dira, Museoaren Bilduma Iraunkorrari, aldi baterako erakusketei edo bertako arkitekturari buruzkoak. Bisitaldiaren ondoren, tailer bat garatzen dute hezkuntza-gelan, ibilbidean zehar ikusi dituzten kontzeptuak eta edukiak grafikoki sendotzeko. Gidaridun bisitaldiak ere antolatzen dira, Museoko Atrioan izaten den sormen-jarduerarekin osatzen direnak.

      1. Artea ikasbide programa.

Artea ikasbide hezkuntza-egitarauak eskola-curriculumaren jakintzagaiak indartzen ditu, esate baterako Ingurunearen Ezagutza eta Matematika, argazki, pintura, eskultura, arte digital edo musikaren bitartez jarduera artistikoak burutuz. Jarduera horiek astean behin egiten dira ikastetxean, eta hogei aste irauten dute. Egitarau hau Guggenheim Bilbao Museoan amaitzen da erakusketa batekin, parte hartu duten ikasleek sortu dituzten obrak ikusgai jarriz.

      1. Bisitaldiak haur ezgaituentzat.

Entzuteko ezgaitasuna, ikusteko ezgaitasuna eta ezgaitasun psikikoak dituzten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasleentzako bisitaldi hauek Museoaren Bilduma Iraunkorrari, aldi baterako erakusketei eta bertako arkitekturari buruzkoak dira.

      1. Batxilergo artistikorako bisita-tailerrak.

Hezkuntza-ibilbide honetako irakasle eta ikasleen curriculum-beharretarako berariaz diseinaturiko bisita-tailerrak.


    1. HEZITZAILEENTZAKO PROGRAMAK ETA MATERIALAK.

      1. Doako sarrerak

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleak Museoa dohainik bisitatzera gonbidatuta daude. Hala, irakasleek eraikina, Bilduma Iraunkorra eta aldi baterako erakusketak ezagutzeko aukera izango dute

      1. Orientazio eta prestakuntza saioak

Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleei zuzendutako orientazio eta prestakuntza saio hauek lagungarriak izango zaizkie ikasleekin Museora egindako bisitaldia dagokien irakasgaiaren curriculumean integratzeko.

      1. Material didaktikoak

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleentzako material didaktiko hauek Bilduma Iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei buruzkoak dira:
- Orri didaktikoak
- Gida didaktikoak
- Informazio-materialak


  1. CHILEKO ARTE EDERRETAKO MUSEO NAZIONALA.

    1. SARRERA.

Chileko Museo honek, hezkuntza departamentu bat dauka hezkuntza artistikoaren arloa garatzen eta lantzen duena. Orokorrean, hezkuntzaz, formazioaz eta sormen estetikoaz arduratzen da, arte garaikidea eta tradizionala abiapuntua duelarik. Bere antolamenduan, hiru esparru ezberdindu daitezke: Hezkuntza departamendua, animazio gela eta gida dozenteak.


    1. ZER ESKAINTZEN DUTEN.

      1. Hezkuntza departamentua.

Haur Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak abiapuntua izanik, hauen orientazioa eta laguntza izanen du helburu departamentuak. Kontsultarako sala espezializatu bat izateaz gain, material didaktikoak osatzen dituzte, museoak dituen aldibeterako erakusketen nahiz etengabekoen inguruan.

Ikasleentzako margo tailerrak antolatzen dituzte, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzenduak dauden hitzaldiak eskaintzeaz gain.

Bisita gidatuen eskaintza, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle taldeei zuzendua dago.

      1. Animazio gela.

Chileko artistek egindako artelan eskultorikoekiko interakzioa bultzatzea bilatzen duen espazioa da. Bertan, hizkuntza bolumetrikoa eta plastikoa lantzea bilatzen da. Eremu berdinean, zenbait margolan kokatu dira, bertan margogintzak agertzen duen problematika aztertu daitekeelarik. Zentzu honetan, bisitariak, sormena erabiliz eta modu ludiko batean, Chileko arte garaikide eta tradizionalaren zenbait forma eta kontzeptu interpretatzeko aukera izanen du.

      1. Gida dozenteak.

Unitate honen bidez, L.H.ko eta B.H.ko ikasleei zuzendutako doako bisita gidatuak antolatzen dira. Hala ere, goi mailako ikasleentzat eta publikoari orokorrean zuzenduak diren bisita gidatuak ere koordinatzen dira. Bisitan zehar landuak izango diren estrategia, jarduera eta ideiak, aurretik adostuak izan dira, erakusketaren ezaugarriak eta Curriculumak zehazten dituen edukiak kontuan hartuz.

Bestetik, tailer teorikoak eta praktikoak burutzen dituzte, prentsa bidez adieraztera ematen direnak.

BLOGAK ETA EUSKARA

Hainbat blog-en hausnarketa

(www.atxaga.org/blog)

B. Atxagaren kutsua islatzen du, bai hizkuntzaren aldetik eta bai diseinuaren aldetik, izan ere erabiltzen diren koloreak eta irudi tratamendua beraren izaerari egokitzen zaizkio. B. Atxagak lortzen duen “giroa” trasmititzen duela esanen nuke, beti ere, normaltasuna misterioz janzten duen giroa.


www.blogak.com/katixa

Gai arruntak edo aktualitate nahiz interes-gaiak modu xelebre eta original batean azaltzen ditu, baina haren diseinua ez zait gustatzen. Honelako testu bereziek bestelako blog diseinua behar dutela deritzot. Ez zait batere komenigarria iruditu gorria-txuria-beltza konbinaketa, nahiko agresiboa eta zatarra iruditzen baitzait. Iluntasun edota leuntasun diseinu batek lagunduko zion bestelako sentsazioa sortzen.


www.eibar.org/blogak/zapiain

Diseinua nahiko normala dela deritzot, ez du ezer berezirik. Bestalde, euskarearen erabilera aztertzeko funtsezko iruditzen zait egilearen izaera kontuan hartzea, izan ere hainbatetan entzun izan dut telebistan, eta filosofoa den neurrian, hizkuntzaren erabiliera filosofikoa ere egien du, blogak transmititzen duen edukia berezia bihurtuz. Hizkuntzaren erabilera guztiz egokitua dago haren pentsamolde eta bizitza aztertzeko nahiz ikusteko moduari.

www.lekesan.wordpress.com

Arraroa suertatu zait blog (hasieran kosta egin zait blog bezala ikustea; diseinua bai dela blog-ana, baina uste nuen halakoetan helbide elektronikoan beti agertu behar zuela “blog” hitza) hau, pixkat kaotikoa, nahastua. Diseinuak nahaste honekin bat dator, eta nahastea isladatzen du ere bai.Lotura asko ditu baina haien arteko lotura falta ikusten dut. Hitz batekin azaltzearren, kaotiko xamarra iruditu zait.

Euskararen erabilera traketsa nagusitzen da, gramatikalki oso eskasa eta okerra. Honako adibideak aurkitu ditut:

  • Nundik datozen jendea?

  • Ba bai…..badakizuek, euskaldun asko daudela mundu osoan zehar eta Japon aldetik ez zuen izago desberdina.

http://eibar.org/albisteak

Blog bat al da? Ikusten dut erantzuna emateko aukera badagoela, baina albiste moduan ulertzen dut gehiago, zonaldeko jendeari albistea helarazi ostean ematen zaio aukera iritzia botatzeko. Bestalade eta Eibar herriko errealitatea lantzeko bidaratua dagoen atala denez, Eibartar euskalkia erabiltzea egokia iruditzen zait, batuerak bestelako alor ugari betetzen baititu, eta tokian tokiko hizkuntza-aldaera mantendu eta baloratu behar dela deritzot.

Eredu ideala

Bernardo Atxagaren bloga da gehien gustatu zaidana. Hainbat arrazoi ditut hau esateko:

  • Idazle gisa asko gustatzen zait, euskaraz idazten dutenen artean gustokoean dut.

  • Diseinuarekin eta koloreekin guztiz asmatu dela uste dut. Bernardo Atxagaren literatura islatzeko komenigarria dela deritzot, eta baita bere inguruan hausnarketa luzatzeko ere. Bere errealitatea ikusteko ikuspegia transmitetzen da diseinuaren bidez.

  • Gustoko adibideren bat:

    http://ehhezitzen.blogspot.com/2007/05/euskal-mitologia.html

Honako blog-a ez du ezer berezirik, baina biltzen duen informazioa eta lantzen dituen gaiak zeintzuk diren kontuan edukita, orekatua dela uste dut.

http://em.luberri.net/mendi

Honakoak ere ez du izugarrizko diseinu berezia erabiltzen baina bere helburua ongi betetzen du. Gainera, argazki galeri osatu bat eskaintzen du.

Blog-ak irakaskuntzan

HEZKUNTZAREN INGURUKO BLOG-ak aztertzen

http://ikateroak.blogsome.com: Honako blog-ean sartu naiz lehenengo. Irakaskuntzaz aparte hainbat gai lantzen dira. Hezkuntzaren inguruko alorrak, hemen aurkituko ditugunak, honako hauek dira:

  • Iritziak.

  • Hainbat baliabideen inguruko informazioa.

  • Jendeak aurkitutako informazioa erabilgarria gero bakoitzaren lanean aplikatu ahal izateko.

  • Hezkuntzaren inguruko artikuluetara atentzioa bideratzea (Consumer, Oinarrizko gaitasunak, LOE)....

http://hezkuntb.com :Honako bloga aurrekoa baino askoz ere osatuagoa agertzen da. Orokorrean, hainbat eremu geografikoetan dauden eskolen esperientziak ezagutzeko prestatua dago. Ikastola ezberdinek egindako proiektuen, hitzaldien, tailerren eta hainbat ekimenen berri ematen du.

Blogak, hainbat gaietan sakontzeko aukera ematen du, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan partehartzen duten agenteen behar ezberdinei erantzuten ahal die.

Baliabide ugarien erreferentziak aipatzen dira, eta baita hauek lortzeko lotura zuzena eskaini ere, adibidez, Hezkuntza Bideoak Googlen.

http://www.alianzo.com//euskaljakintza Ondoren aurkezten dudana oso interesgarria iruditzen zait. Blogen bilatzaile gisa erabiltzeko aukera ematen du, eta hezkuntzaren arloan hainbat emaitza ematen ditu.

BLOG-etan EMATEN DIREN HARREMANAK:

Hezkuntzaren eta irakaskuntza-ikaskuntzaren inguruan begiratu izan ditudan blogak behin kontsultatuak, irakasleen erabilerarako prestatuak daudela uste dut. Orokorrean, honako gaiak landuak agertzen dira:

  • Aktualitate gaiak, beti ere, hezkuntzarekin lotura dutenak.

  • Hezkuntzaren inguruko argibideak.

  • Material didaktikoak, saioak aberasteko.

Familientzako aipamenak gutxi izan dira ikusitakoak, eta ikasle-ikasle nahiz ikasle-irakasle harremanetan oinarritzen zirenak ere ez dira ohikoak.

ZERTARAKO ERABILIKO NUKE BLOG-a?

Hainbat esparrutan sakontzeko erabiliko nuke:

  • Iritziak emateko: gai ezberdinei buruz, hezkuntzaren nondik-norakoei buruz eta abar.

  • Nere arloaren inguruko material didaktiko osagarria trukatzeko.

  • Ikasleei atal bat irekiko nieke: Zeintzuk dira haien ustetan irakaslegoaren akats ohikoenak? Zeintzuk dira hutsuneak?....

  • ....