martes, 6 de mayo de 2008

INGURUMENA ETA JASANGARRITASUNA

Biziraupen kontua

Ezin dugu pentsatu burbuila batean bizi garela; izan ere, etengabeko harremana dugu gure ondoko ingurune naturalarekin eta ingurune horrek eskaintzen dizkigun baliabide guztiak erabiltzen ditugu. Ingurune horren kalitatearen menpe dago gure bizitzaren kalitatea.

Gizakiak ingurunean egiten duen presioa pixkanaka-pixkanaka handitzen joan da mendeetan zehar. Baina azken hirurogei urteetan izugarri areagotu da eta ingurumenak aldi horretan jasan duen eragina gizakiak aurreko garai guztietan eragin duena baino askoz handiagoa izan da.

Kezkagarriena da erasoen erritmoa ez dela moteldu, bizkortu baizik. Ingurumena kontserbatzea biziraupen kontua da gizateriarentzat. Milioika lagun erabat hondatutako ingurumenean bizi dira eta euren bizi itxaropena arrisku larrian dago.

Ditugun aztarnen arabera, klima gure bizimoduaren ondorioz aldatzen ari da; horrek ingurumenaren aldaketa larria dakar, eta ondorengo belaunaldien bizitza baldintzatuko du.

Bateragarria al da garapen ekonomikoa gure ingurumena zaindu eta kontserbatzearekin? Erantzuna baiezkoa bakarrik izan daiteke; bestela, planetaren bizitzari iraungitze data jarri beharko genioke. Irtenbidea garapen jasangarria da, bizitzeko modu garbiagoak bilatuz.

Arnastu ezinezko eguratsa

Munduko eztanda demografikoak eta industriaren aurrerakadak eguratsean pilatzen diren gai kutsatzaileak gehitzea eragin dute. Gehitze horrekin batera, heriotza tasa eta gaixotze tasa ere ikaragarri handitu dira eta froga garbiak daude atmosferaren kutsadurak gizakion osasunari kalte egiten diola adierazteko.

Herrialde industrializatu gehienek, onar daitezkeen kontzentrazio balio maximoak ezarri dituzte atmosferaren kutsatzaile nagusientzat. Horretarako, kutsadurak izan ditzakeen eraginei buruzko azterketa teoriko eta praktikoetan oinarritu dira.

Atmosferako kutsadurak eta gizon-emakumeengan bronkitis kronikoa agertzeak elkarrekin zerikusia dutela baieztatu da. Bestalde, SO2-ren eta airean dauden partikula kutsatzaileen kontzentrazioek aire metro kubiko bakoitzeko 500 mikrogramo gainditzen dutenean, biztanleriaren heriotza tasa handitu egiten dela ere frogatu da, batez ere bihotz eta biriketako gaixotasunak dituztenen artean.

Lurra

Geure oinpean daukagu eta ez diogu ia garrantzirik ematen. Hildako elementutzat ere jotzen dugu askotan, toxikoa den edozein produktu solido edo likido bota edo pilatzeko erabil dezakegun leku mortu bat balitz bezala. Baina guri eusten digun lurzoru horren gainean egiten den edozein ekintzak ondorio jakinak izango ditu gure bizitzan.

Hitz zientifikoak erabiliz esan dezakegu lurzorua litosfera edo lurrazaleko goiko zatia dela. Mineral eta antzeko osagai organikoek, ez-organikoek eta milaka izaki bizidunek osatzen dute lurzorua. Bertan gauzatzen dira gure biziraupenerako funtsezkoak diren prozesu gehienak.

Lurzorua hazi, heldu, zahartu eta zoritxarrez, hil egiten da. Nahita edo nahi gabe lurzoruan papera, beira, plastikoak, gorozkiak, disolbatzaileak, petrolioa, pestizidak edo gai erradiaktiboak botatzen ditugunean, haien ezaugarri fisiko, kimiko eta estetikoak aldatzen ari gara zuzenean eta era askotako ondorioak eragiten ari gara beste izaki biziengan.

Nekazaritzako baliabideak oker erabiltzeak, etengabeko erreketek, ongarrietan pestizida eta herbizidak erabiltzeak, gai toxikoak botatzeak eta ureztatze okerragatik lurzorua gazitzeak beste mota bateko degradazio kimikoa eragiten dute.

Beste degradazio mota bat fisikoa da. Lurzoruaren egitura aldatu egiten da tresneria astuna erabiltzeagatik, deforestazioagatik, suteengatik eta lurzorua bera haizearen eta uraren eraginpean egoteagatik.

Beste degradazio mota bat biologikoa da. Degradazio biologikoa monolaborantzen erabileragatik sortzen da; izan ere, monolaborantzen eraginez, osagai organikoak ez dira behar bezala suspertzen eta lurzoruak suspertzea errazten duten mikroorganismoak desagertu egiten dira.

Aniztasun biologikoaren gainbehera

Azken urteotan gehien zabaldu den terminoetako bat biodibertsitate edo aniztasun biologikoa da, hau da, edozein jatorri duten izaki bizien aniztasuna. Baina izaki bizien espezie anitzen existentzia aipatze hutsa baino haratago doa termino hori.

Biodibertsitateak lehorreko eta uretako ekosistemen aniztasuna ere ukitzen du, bai ekosistema naturalak eta bai gizakiak sortutakoak, esate baterako, nekazaritzako ekosistemak. Eremu zabala hartzen duen terminoa da eta beraz, horren barruan hainbat arlo sartzen dira: ikus daitezkeenak, hala nola baliabide biologikoak, edo ikusezinak esate baterako, ezagutzak edo berrikuntzak.

Aniztasun biologikoa eremu jakin batean bizi den espezie kopuruarekin adierazten da normalean. Lurreko biodibertsitatearen %75a hamazazpi herrialdetan pilatuta dago. Herrialde horiek dibertsitate handikotzat jotzen dira.

Brasil, Kolonbia, Txina, Costa Rica, Ekuador, India, Indonesia, Kenya, Mexiko, Peru, Hegoafrika eta Venezuela dira aniztasun ikaragarria duten herrialde horietako batzuk. Horietako askorentzat garapenerako faktore estrategikoa da egoera hori. Europan, bestalde, biodibertsitatea krisian dago.

Espezie guztiak bioadierazleak dira eta haien beherakadak esan nahi du haien bizilekuak ere hondatzen ari direla. Atzerakada horren arrazoia oker planifikatutako garapena da. Ingurune ahuletan (adibidez, paduran edo kostaldean) azpiegiturak eraikitzea oso ohiko jarduera izan da azken hamarraldietan eta oso eragin txarra izan du ingurumenean. Baso helduak bota eta hazkunde bizkorreko espezieekin ordezkatzeak, monolaborantzak ugaltzeak eta nekazaritza eta abeltzaintzako metodo tradizionalak baztertzeak ere asko pobretzen dute ingurune naturala.

Galtzeko arriskuan

Naturaren Munduko Fondoak kezka handiz ohartarazi du Europako hamar animalia eta landare espezie galtzeko arriskuan daudela. Animalia eta landare espezie horiek bukardoaren bide bera daramate. Bukardoa mendiko ahuntz subespeziea da. 2000ko urtarrilaren 6an hil zen azkenekoa Pirinioetako bere azken babeslekuan, Ordesan hain zuzen ere. Hamar espezie horiek Europako habitat gehienetako espezie esanguratsuak dira eta penintsulako floran eta faunan aurki daitezke.

Gizakiaren presioa

Gizakiaren presentzia arazo larria bihurtu da ingurumenarentzat, etengabe gauzatzen dituen jarduera kaltegarriez aparte. Arazoa Lurrean bizi garen biztanle kopuruagatik sortu da: 6.000 milioi pertsona gara.

Baina gizakiak ingurunean egiten duen presioa ez da homogeneoa. Landa inguruneak jasan dezake oraindik presio hori; izan ere, landako biztanle gehienak bere ingurunearekin harmonian bizi dira. Arriskua hiriko aglomerazioetan dago, inguruneari erasotzen diotelako eta kutsatzeko gero eta ahalmen handiagoa dutelako.

1950. urteaz geroztik hirietako populazioa hirukoiztu egin da; orduan 750 milioi lagun inguru bizi ziren hirietan; gaur egun, berriz, 3.000 milioi dira. Aurreikuspenen arabera, mundu garatuko hirietako populazioa bikoiztu egingo da: 2000an 1.900 milioi izatetik 2030ean 4.000 milioi izatera pasako da

Kontsumo desegokiaren ondorio ekologikoak

Gure eguneroko bizitzan etengabe kontsumitzen dugu energia, baita hondakinak sortu ere. Argia piztu, kanila ireki, berogailua martxan jarri edo jogurt bat jatea egunero egiten ditugun ekintzak dira, eta ondorio itzelak dituzte ingurumenean. Eguneroko ekintza horiek behin eta berriz ardurarik gabe edo oharkabean egiten baditugu, ingurumenaren gaineko eragina nabarmen areagotuko da.

Ez da erraza gure ingurunea zaintzen ohitzea, gure bizitza errazagoa egiten duten gauza gehienek ingurumenari kalte egiten baitiote. Gauzak erabili eta botatzeko sistema oso erosoa iruditzen zaigu, baina horren ondorioz zaborra izugarri ugaritu da gure mundu zibilizatuan. Etxeko lanak errazten dizkiguten etxetresna elektrikoek -lata-irekitzeko tresna elektriko arrunt bat besterik ez bada ere-energia asko kontsumitzen dute; garai jakin batzuetan, bero egin nahiz hotz egin, berogailuak sistematikoki pizteak alferreko erregai kontsumoa dakar (gas, fuel-olio eta ikatza).

Joan-etorri guztietarako automobila erabiltzea berotegi-efektuaren eragile nagusietakoa da; era guztietako produktu ontziratuen kontsumoan oinarritutako aisialdiko jarduerak egiteko gehigarri, koloratzaile, kontserbatzaile edo plastiko ugari erabiltzen ditugu. Gero material horiek nonahi botata ikus daitezke gure inguruko lurraldean, uretan edo airean, eta hondakinak deuseztatzea ia ezinezkoa da.

Oso garrantzitsua da gure ekintzen ondorioak ezagutzea: ezjakintasunak ere kutsatu egiten du. Gutako gehienek ez dakigu irekitako kanila batek 15 litro gastatzen dituela minutuko; gure automobilak kontsumitzen dituen bost litro bakoitzeko, bederatzi kilo karbono dioxido sortzen direla; ontzikiak gure etxean sortzen den zaborraren %30 dira; paper tona bat egiteko baso bateko 5,3 hektarea moztu behar dira; edo kontsumo txikiko bonbilla batek arrunt batek baino zortzi aldiz gehiago irauten du. Eguneroko ekintza bakoitzak bere eragina du izadian. Ez dugu hori inoiz ahaztu behar.

Zer dago zakarrontzian?

Gure zakarrontzia ez da arriskurik gabeko elementu bat. Zakarrontzian dagoenak eragin itzela izan dezake ingurumenean, eta batzuetan, benetako bonba bat izan daiteke ingurumenerako. Hondakin organikoak nahiko erraz degradatu daitezke, baina kontrolatzen ez badira eragozpenak sor ditzakete, baita herritarren osasunerako arriskuak sortu ere. Baina zakarrontzian badira ingurumenerako arriskutsuak diren beste elementu batzuk ere.

Plastikoak

Zabor poltsa baten edukiaren %15 inguru plastikoak dira, behin bakarrik erabili eta botatzen diren ontziak eta bilgarriak batez ere. Zabortegian urte asko egin beharko dituzte erabat desagertzeko, eta errausten badira CO2 eta toxinak sortzen dituzte.

Brikak

Brikak egiteko, aluminioa, zelulosa eta plastikoa behar dira, lehengai berriztaezinetatik datozen materialak hain zuzen. Elementu horiek bereiztea zaila da, eta horregatik horien birziklapena mugatua da oraindik.

Latak

Zabor poltsa arrunt baten batez besteko edukiaren %5 dira gutxi gorabehera, baina hondakin metaliko guztiak gehitzen baditugu, portzentaia hori %12ra igotzen da. Oso erraz birziklatu eta berriz erabili daitezke beste lata batzuk egiteko.

Beira

Ia guztiz birziklagarria den materiala da. Geldoa da eta ez du ingurunean kalte materialik egiten; hala ere, itzultzekoak ez diren ontziak gehiegi erabiltzeak izugarri ugaritu du hondakin mota hori. Horregatik, hondakin hau ez da beti birziklapen sareetara iristen.

Pilak

Hondakin arriskutsuenetako bat da, merkurioa eta beste metal astun kutsatzaile asko dituelako. Botoi pila ñimiñoak tutu formakoak edo petaka-pilak baino askoz ere arriskutsuagoak dira. Bakar batek milioi erdi bat litro ur kutsa dezake.

Papera eta kartoia

Edozein zabor poltsaren %20 dira eta horien kontsumoa etengabe handitzen ari da gure gizartean. Beren lehengaia zelulosa sarrera=zelulosa da, eta hori zuhaitzetatik ateratzen da gehienbat. Oso erraz birzikla daiteke, baina berriz erabili ahal izateko jatorrizko zelulosa gehiago behar da beti. Horregatik, birziklapenak ez du neurriz gaineko baso-mozketaren arazoa guztiz konpontzen.

Gutxiago gastatu, hobeto kontsumitu

Normalean, gastua murrizteko ardura handiz kontsumitu behar da; horrek, zalantzarik gabe, eragin onuragarria izango du gure ingurunean. Gakoa eguneroko ekintzei ahalik eta etekinik handiena ateratzean datza, erosterakoan, edota ura, elektrizitatea, gasa edo telefonoa kontsumitzerakoan. Ez dago hutsezinezko formularik, baina bai guztion artean martxan jar ditzakegun oinarrizko ideia batzuk.

Gas eta elektrizitate kontsumoa

Gomendagarria da gure beharretara hobekien moldatzen den potentzia eta tarifa kontratatzea, baita korporazioek eskaintzen dizkiguten aurrezteko aukera guztiak aztertzea ere. Horretarako, beharrezkoa dugu etxetresna elektrikoen kontsumoa ezagutzea: telebista edo musika ekipo batek ez du gehiegi gastatzen, baina ontzi garbigailu bat, mikrouhin-labe bat edo ile lehorgailu bat wattak irensten dituzten makinak dira. Bestalde, kontsumo txikiko bonbillek abantaila handia dute bonbilla arrunten aldean.

Ur kontsumoa

Ur kontsumoan aurrezteko zenbait gauza ezagutu beharra dago: garbigailu arruntak eta ontzi garbigailuak ez dira erabili behar ondo beteta ez badaude; erabat irekita dagoen kanila batek 15 litro gastatzen ditu minutuko; kanila bat tantaka ari baldin bada, 60 litro kontsumitu daitezke eguneko; dutxatzerakoan, bainatzerakoan kontsumitzen dugun uraren laurdena erabiltzen dugu.

Erosketak

Hona hemen erosketak egiterakoan izan behar ditugun ohitura ekologiko batzuk: ontzi handiak erabili, etiketetan osagai kaltegarririk ez dagoela ziurtatu, plastikorik ez kontsumitu, benetan behar duguna hartu eta ez erosi eroste hutsagatik.

Etxean energia aurreztuz

Etxe barruan berotasuna galdu nahi ez badugu, isolatu egin dezakegu; horrela berokuntzan %40 aurreztuko dugu. Etxeko tenperatura egokiena 20ºC-koa da. Tenperatura hori gainditzen duen gradu bakoitzak %5 gehitzen dio energi kontsumoari.

Garrantzitsua da erregulatzen ikastea: 40ºC-tan urak ia-ia erre egiten du, eta ez du zentzurik izozkailuak zero azpitik 5ºC baino gutxiagoko tenperatura izateak; horiek horrela, tenperatura horietara iristeko kontsumitzen dugun energia gehiegikeria hutsa da.

Beti kontuan hartzen ez ditugun errealitateak

Batzuetan, informazio faltagatik, energia gehiegi kontsumitu eta ingurumenari kalte egiten diogu. Bizitza ekologikoaren kate berdea mantentzea ahazten zaigu; horregatik, gomendagarria da hurrengo faktoreak gogora ekartzea:

  • Pilek sortzen duten energia sarearena baino 600 aldiz garestiagoa da.

  • Itzalitako telebista batek bere batez besteko energi kontsumoaren %33 gastatzen du horren entxufea ateratzen ez badugu.

  • Langargailuek, aerosolek ez bezala, ez dute ozono geruzari kalte egiten dion gasik.

  • Harraskatik behera litro bat olio botatzen dugun bakoitzean ur araztegi bati %20 lan gehiago eginarazten diogu.

  • Xaboia garbigarri ezin hobea da eta beste produktuak ordezkatu ditzake, azken horiek sarritan osagai kaltegarriz beteta daudelako.

  • Komun batek hamar litro deskargatzen ditu erabiltzen den bakoitzean.

  • Aluminiozko kazola batek burdin edo altzairu herdoilgaitzezko batek baino gas gehiago kontsumitzen du tenperatura berdina lortzeko.

  • Lapiko estaliak tapa gabekoak baino lehenago berotzen dira.

  • Edalontzi eta bonbilletako kristala ezin daiteke beirazko ontziekin batera birziklatu.

Plastikoak

Plastikoa baliabide natural berriztaezin batekin eginda dago, lurreko baliotsuenetako batekin hain zuzen ere: petrolioa. Petrolioak fintze prozesu bat behar izaten du plastikoak eta erregaiak lortzeko. Baina prozesu horren ondoren erregaien antzeko konposizioa duten plastikoen berotze-gaitasuna oso handia da. Eta horregatik, horien hondakinak kalitate handiko erregai bihurtu daitezke, atmosferan substantzia arriskutsuak (dioxinak, adibidez) bota eta ingurumenean arrisku larriak sortzen dituztenak. Hori dela eta, plastikoak ahalik eta gehien birziklatu beharko lirateke.

Produktu ekologikoak

Edozein herritar, ingurumena errespetatu beharraz jabetu bezain laster, ingurunea errespetatzen duten produktu ekologikoak kontsumitzen saiatuko da. Alde horretatik, ingurumen eta kontsumoarekin zerikusia duten gauza guztietan bezala, informazioa funtsezkoa da.

Biztanle kontzientziatua berehala ohartuko da produktu askotan "bio" hitza agertzen dela. Baina hitz hori erabiltzen duten produktuekin erne ibili behar dugu. Horietako gehienek ez digute eskaintzen izadia errespetatzen duen ekoizpen bermerik, aurrizki hori erabiltzeak aipatutako esanahia adierazten badu ere.

Honen arrazoi nagusia marketinga da, edozein produkturen irudia garbitzeko estrategia bat, produktua kontsumorako erakargarria izan dadin. Nahasketarik ez egoteko, kontsumoko agintaritzak bio aurrizkia merkataritza helburuekin bakarrik erabiltzen duten guztiak testu bat jartzera derrigortzen ditu, produktua nekazaritza biologikotik ez datorrela azalduz.

Nekazaritza biologikoa

Nekazaritza biologikoa era naturalean egindako produktuak lortzeko helburua duen jarduera bat da. Produktu horiek ez datoz aldaketa genetikoetatik eta ez dute inolako ongarri edo pestizida kimiko edo artifizialik. Produktu hauek ohikoak baino pixka bat garestiagoak dira, baina zalantzarik gabe abantailak dituzte kalitate eta zaporean, eta gainera ez dute inolako presiorik sortzen ingurunean.

Nekazaritza biologiko edo ekologikoa oso erregulatuta dago jadanik, eta horren produktuak behar bezala etiketaturik saltzen dira, sarritan denda espezializatuetan. Gu gai mota honen ekoizle garrantzitsuak gara, baina kontsumitzaile gisa ahulak gara oraindik, eta daukagun produkzio gehiena Ingalaterrara esportatzen dugu. Nolanahi ere, merkatu honen urteroko hazkunde erritmoa %20koa da.

Aisialdi ekologikoa

Gure ingurune naturalarekin adeitasunezko harremana izateko modu erraz eta pozgarrienetako bat inguruneaz gozatzea da. Aisialdi ekologikoaren kultura orain dela denbora asko sortu zen, izadiaz zuzenki gozatzeko asmoz. Izadian zer gertatzen den ikustea eta ikastea da kultura horren helburua.

Lehenago izadia kirolerako agertoki moduan erabiltzen bazen (batez ere mendizale eta ibiltarientzat), orain berezko agertoki bihurtu da. Horren guztiaren ondorioa izadia zaintzeko beharraz erabat kontzientziatzea izan da, izadiaz ahalik eta gehien gozatzeko.

Mendira irten, gertu dugun habitataren landaretza eta fauna ezagutu, edo lurrari lotutako ohiko landa jardueretan eta bertako ekoizpen moduetan interesa izan. Horiek guztiak ingurumenarekiko errespetu sakon bat eskatzen duten jarduera aisiazkoak dira. Horrelako jarduerak atsegin dituztenek ez dute sua nolanahi egingo, ezta zaborra botako ere. Animaliak eta landareak errespetatzen dituzte, eta euren ingurunean edozein eraso mota geldiarazten dute.

Aisialdi ekologikoa praktikatzeko beste modu bat turismo ekologiko deitzen duguna da. Honen definizioa oso zabala da eta alderdi asko hartzen ditu bere barruan. Batzuek masifikaziotik urrun dauden lekuak bisitatzeko aukerak eskaintzen dituzte bakarrik, eta beste batzuek ingurune naturalean murgiltzea proposatzen digute. Baina horrek ez du esan nahi edozein gauza turismo ekologikoa izan daitekeenik. Kontu handiz ibili beharra dago, turismoak jarrera parte-hartzailea eskatzen baitio egiten duen pertsonari, eta horretarako aurretik informatu eta prestatu behar gara.

Azken urteetan, ingurunearen kontra gero eta eraso gehiago egiten direnez, turismo ekologiko honen aldaera bat sortu da: aktibismo ekologikoa. Honen helburua da ingurumenean eragin larria izan dezaketen arazoei irtenbidea ematea, esate baterako, baso bat txukuntzea. Batez ere borondatezko langileak aritu ohi dira horrelako lanetan, eta askotan jolas-ekintza moduan antolatzen dituzte. Egia esan, ingurumenaren alde benetan baliagarria den zerbait egiteko modurik atsegingarrienetako bat izan daiteke hori.

Ekoturismoa

Ekoturismoa aisiarako alternatiba egingarri bat da, negozio txiki eta ertainen sorrera bultzatu eta babesten duena. Negozio hauek landa ingurunekoak nahiz hirikoak izan daitezke.

Ekoturismoa inbertsio txiki batekin jar daiteke martxan. Horregatik, lorgarriagoa da eta arrisku gutxiago dakartza, gainera gizartearen garapena sustatzen du, zuzentasun eta berdintasun handiagok giro batean.

Ekoturismoaren eta ekoizpenaren arteko lotura hertsia da, tokian tokiko berezitasunei esker ekoiztutako produktu berrien eta ohiko ondasunen eskaintza areagotu egiten baitu.

Izadiarekin eta landa inguruneko biztanleriarekin harremanak bilatzeko asmoz bidaiatzen duen pertsona kopurua gero eta handiagoa da, eta horren hazkundea masa turismoak duena baino askoz azkarragoa da. Hori dela eta, ekoturismoaren garapenak bultzada nabarmen bat ematen dio orokorrean jarduera turistiko osoari.

BIZIKLATZEN IKAS DEZAGUN

Hiru erreen araua

Arau erraz horrek ingurunea zaintzeko aukera ematen du. Baina garrantzitsua da ondorengo ordenan egitea: murriztu, berrerabili eta birziklatu.

Murriztu

Bilgarri gutxien dituzten produktuak aukeratu behar dira eta, batez ere, birzikla daitezkeen materialak erabiltzen dituztenak. Erosketa poltsei dagokienez, plastiko poltsak gutxiago erabili behar dira.

Energia kontsumoa ere oso garrantzitsua da, horregatik, telebista ikusten ari ez garenean itzali egin behar da, baita argiak ere, behar ez baditugu. Aholku ona da kontsumo gutxiko bonbillak erabiltzea, etxean zein lanean.

Azkenik, produktu toxikoen eta kutsatzaileen kontsumoa gutxitu behar dela aipa genezake, pilak esate baterako.

Berrerabili

Ahalik eta gauza gehiago berrerabiliz gero, zabor gutxiago sortuko dugu, baita baliabide gutxiago agortu ere.

Birziklatu

Zenbait produktutatik beren osagaiak eskuratzea, horiek antzeko produktuen fabrikazioan berriro erabiltzeko.

Papera eta kartoia, beira eta janari hondarrak arazorik gabe birzikla daitezke. Horretarako, hondakin mota bakoitza kontainer desberdinetan bota behar da, herri eta hirietan horretarako dauden lekuetan.


No hay comentarios: